Ezin dut egia esan
ISBN: 84-933607-7-5
- Escribe un comentario
Paga de forma segura en nuestra tienda con tarjeta, transferencia o contrareembolso
Realizamos envíos a todo el mundo. Selecciona tu forma de envío en el proceso de compra.
Dispones de 15 días para tramitar cualquier devolución. Consulta condiciones.
Ofiziokidea dut Jokin. Kulturaren errape urriak eskaintzen duen esne apurretik edan behar duenetakoa, alegia. Eta badaki negozio eskergabe honetan bizirik irauteko, hainbatetan norberaren kreatibitatea bideratu, moldatu edo domestikatu beharra dagoela, “industria”-k eskatzen duenari lerrotuz ezinbestean. Lanbide duina gurea, guztiarekin ere, kalitatea eta komertzialitatea ez direlako berez kontzeptu kontrajarriak. Baina sortzaile sena duenak, badu batzuetan barren barrenetik ateratzen zaionari men egiteko grina. Orduan, sal-erosketa lege guztiak bazterrean utzita, barruko abotsari entzuten dio bakar bakarrik. Hortik ateratzen dena izango da egilearen sorkuntzarik zinezkoena. Eta zinezkotasunak, artean, edozelako arte moetan, sekulako indarra dauka. Honelakoxea da eskuartean duzun testu hau, irakurle. Baina kontuz, “zinezkotasuna” ez da nahikoa. Artea ez da horretan gehiegi urruntzen gainontzeko industrietatik. Ingeniari batek imajina dezake munduko zubirik ederren eta originalena, baina matematika eta fisikaren legeei kasurik egin ezean, zubia lurrarekin berdinduko da ereiki orduko. Antzerkigintzak ere baditu bere formulak eta ekuazioak. Ez daude agerian, jakina, ez dituzu somatuko, antzezlanaren sakoneko egituran daude, egon behar dute, antzezlana zutik mantenduko bada. Eta lehen esan dut, ofiziokidea da Jokin, eta ofizioa menderatzen du. Hortaz, “barren-barrenetik-ateratzen-zaiona” ordenadorean tekleatu baino askoz ere gehiago egin du, teatro pieza bat sortu du, ofizioak eskeintzen dizkion baliabide eta errekurtsoak erabilita. Hor daude “erritmoa”, “konfliktoa”, “akzioaren norabidea aldatzen dituzten ezusteak”, “aurrerako mogimendua” eta orohar teatroaren makinariari eusteko beharrezko diren “ingenieritza” elementuak. Egon badaude ere literatur alor zabalagotik hartutako beste baliabide batzuk: “lerro arteko esangurak”, esan gabekoak esandakoak baino garrantzi handiagoa duen momentuetarako; “isilunearen erabilera”; “lengoaiaren funtzio poetikoa”… Baliabide guzti horiek hala ere, ez dira teknika-jolas hutsa. Istorio bat kontatzeko erabiltzen ditu Jokinek: desioaren objetua, eta desio hura gobernatzen (edo desgobernatzen) dituen giza-mekanismo konplexuen ikuspegi bat. Ikuspegi intuitiboa, jakina, erantzunik nahiz soluziobiderik eskeintzen ez duena, antzerkigilea delako eta ez psikologo, sexologo edota entsaiogilea. Antzezlan hau aurrenekoz irakurri nuenekoa daukat gogoan. Jokinek berak bidali zidan e-postaz egin berritan, eta ondo gogoratzen dut lehenengo orrialdearekin batera konturatu nintzela ondo tajututako antzezlan baten aurrean nengoela, gaiak zein estilo eskatzen zuen erabaki eta estilo horri lan osoan zehar eusteko dotorezia zuela. Gogoan dut bukaerako ezusteak sortu zidan inpresio kilikagarria. Gogoan dut irakurtzeko ere oso egokia iruditzen zitzaidala pentsatu nuela (kontutan hartu antzezlan guztiak, antzezlan on asko barne, ez direla “irakurgarriak” suertatzen, hau da, ez direla egokitzen paperezko sustantziara). Eta gogoan dut ere neure buruari galdetu niola nolakoa izango ote zen lan honen asturua, ea patuak nola erabiliko zuen, xamurtasunez nahiz krudelkeriaz. Ez da denbora asko pasa eta honezkero testuak saria jaso eta argia ikusi du. Ez da pausu makala. Ez erabatekoa, dena den, antzerkiak eskenatokia behar duelako bere osoan gauzatzeko. Egia bihurtuko al dira asmoak! Besterik ez, irakurle. On egin dagizula. Patxo Telleria