Joanesek, txiki-txikitatik, mundua ikusi, sentitu eta bizitzeko modu ezberdina zeukan. Desberdina izateagatik, garesti ordaintzea tokatu zitzaion, bere helburu bakarra, zoriontsu eta itxaropentsu bizitzea baino izan ez bazen ere. Bizitzak min eman zion Joanesi, arauak eta legeak ez betetzeagatik, ez ezagutzeagatik. Joanes ezagutu zutenek, barre nahikoa egin zuten denbora luzez; malko garratzez betetako barrea ezagutu zuten.
Bizitzak ematen zion mina arintze aldera, Joanesek, bizitza eta eternitateari buruzko bere teoria propia eratu zuen: Oraingoan ez bada, hurrengoan izango da. Gizakiaren izate infinituaren aldeko apustua eginez jaio zen, errepikatuz biziko ginela benetan sinetsiz. Joanesek itxaropena zeukan, itxaropen amaigabea.
Gizaki ororen nahia ez al litzateke izango itxaropentsu bizitzea?
Gainontzeko guztion ezkutuko nahi eta pentsamenduen bozeramailea izan zen Joanes, edo, eroa baino ez?